2018/06/15

Barakaldok 3.000 eskuorri banatu ditu adinekoenganako tratu txarrez sentsibilizatzeko

Dokumentuak mota desberdinetako tratu txarrak, bai eta tratu txar emaileak ere badaudela azaltzen du, gaur ospatzen den Zahartzaroko Abusu eta Tratu Txarrez Kontzientziatzeko Munduko Eguna agerian jartzearren

Barakaldoko Udalak adinekoentzako aholkuak ematen dituen 3.000 eskuorri argitaratu ditu, egon daitezkeen tratu txarrak antzeman eta horrelako kasuetan, nola jokatu behar den jakiteko.  Gaur ospatzen den Zahartzaroko Abusu eta Tratu Txarrez Kontzientziatzeko Munduko Eguna dela eta, Emakume Arloak martxan jarri duen neurria da, askotan, ezkutuan dagoen errealitatea bistaratzeko asmoz.

Egun honetan, tratu txarrak edo abusuak jaso ditzaketen pertsonei laguntza ematearen inguruko kontzientzia suspertzea da asmoa.

65 urtetik gorako 22.773 pertsona bizi dira Barakaldon, 9.492 gizonezko eta 13.281 emakumezko. Denak abusua, abandonua edo indarkeria jasateko arriskuan daude.   "Askotan, ez dakigu zein den abusuaren edo tratu txarraren aldea, asko kostatzen zaigu hautematea, eta biktimei ere kostatu egiten zaie antzematea. Horregatik, oso garrantzitsua da ulertaraztea zer den tratu txarra, motak, nola jokatu behar den horrelako kasuetan...", azaldu du Barakaldoko Emakume Arloko zinegotzi Rakel Olallak.

Inprimatutako eskuorrian argi adierazten dira azaldutako puntu horiek. Besteak beste, zein motatako tratu txarrak dauden (psikologikoak, fisikoak, ekonomikoak edo sexualak), bai eta nolakoak izan daitezkeen ere tratu txar emaileak (autoritarioak eta mendetasuna ekonomikoa dutenak) azaltzen du. Dokumentuan, adinekoenganako tratu ona nabarmentzeaz gain, errespetua, heziketa eta duintasuna ere bultzatzen dira.

Honela dio Konstituzioaren 15. artikuluak: "Guztiek dute bizitzarako eta osotasun fisiko eta moralerako eskubidea, eta inor ezin da inoiz zigor edo tratu ez gizatiar edo apalesgarrien mende jarri".

Eskuorria honako leku hauetan banatu da: adinekoen zentroetan, kultur etxeetan, lehen mailako arreta zentroetan, zentro zibikoetan...